martes, 29 de septiembre de 2009

Urriko azken Asteleheneko txosnen zozketa datorren astean izango da




Iragan barikuan Urriko Azken Astelehenean txosnak jartzeko zozketa egitekoak ziren udaletxeko bilkura aretoan, baina berau bertan behera gelditu zen.
"Komunikazio arazoak direla eta, zozketa bertan behera uztea erabaki genuen", adierazi du Iñaki Gorroño Eria eta Merkatuak arloko zinegotziak. Gorroñoren esanetan, "zozketan parte hartzeko izen emate epearen gaineko informazioa zabaltzerakoan arazoak izan ditugu. Kirol eta kultur elkarte guztiek ez dute jaso deialdiaren gaineko informazioa. Zozketa egiteko zerrenda eskuratu genuenean konturatu ginen huts egiteaz".

Orain izen emate epea luzatzea erabaki dute Udal arduradunek. "Oraindik epea guztiz finkatuta ez badago ere, datorren asteko astelehenera arte edo martitzenera arte luzatuko dugu izen emate epea. Zozketa, berriz, epea bukatu eta hurrengo egunean izango da".

Kultur eta kirol arloko elkarteek zortzi txosna jarri ahal izango dituzte Urriko Azken Astelehenean. Horrez gain, urtero legez EHNEk bere txosna jarriko du Juan Calzada kalean.
Baldintza orokorrak bete beharko dira.

martes, 22 de septiembre de 2009

Irailaren 21n 76 urteko emakume bat desagertu zen Mendaron

Ertzaintzako, Gurutze Gorriko eta DYAko langileek gaur goizean ekin diote berriro atzo Mendaron (Gipuzkoa) desagertu zen 76 urteko emakumea bilatzeko lanari.
Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez, familiak atzoko 21:30etan salatu zuen emakumea desagertu zela. Emakumea arratsaldean atera omen zen paseatzera eta ez zen etxera itzuli.
Gaueko hamarrak inguruan emakumea bilatzeko operatiboa jarri zen martxan Mendaro inguruan. Industria-guneak, auzoak, trenbidearen ondoko bidea eta ospitalea ikuskatu zituzten, baina ez dute aurkitu.
Gaur goizean bilaketa lanei ekin diete berriro DYAk, Gurutze Gorriak, Ertzaintzaren brigada mugikor batek (txakurren laguntza izango dute) eta Mendaroko Udaltzaingoari jakinarazi diote gertakaria.
Familiak azaldu duenez, emakumeak ez du gaixotasun larririk eta euritako batekin joan zen paseatzera.