martes, 15 de diciembre de 2009

Lujanbiok jantzi du txapela, final gogoangarri batean

Maialen Lujanbiok Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazi du, BECen jokatutako final gogoangarrian. Emozioz eta kalitatez beteriko saioan, azken buruz burukoan Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio izan dira nor baino nor, eta azkenean hernaniarrak eskuratu du orain dela zortzi urte ihes egin zion txapela. Lujanbio Txapelketa Nagusia irabazi duen lehen emakumea da. Joxe Agirre bertsolari beteranoaren eskutik jaso du txapeldun berriak txapela.

maialen_joxeweb

Saioa ederra izan da, eta bertsozaleek ia zoratzeraino gozatu dute oholtza gainean entzundakoarekin. Lujanbio eta Arzallusek maila bikaina erakutsi dute, baina gainerako bertsolariek ere ikuskizun ederra eskaini dute. Azkenean, Jon Maiak egin du hirugarren.

Andoni Egañak bertsolari gazteenen indarraren aurrean amore egin behar izan du eta erreleboa gertatu da. Azkenik, laugarren egin du txapeldun handiak eta esana zuen moduan aurreratu du ez dela berriz arituko Txapelketan. Egañak entzuleen babesa eta maitasun adierazpenak jaso ditu etengabe.

Iragarrita zegoen moduan, lepo bete da Barakaldoko BEC aretoa, 14.500 lagunek segitu dute finala bertatik bertara. Eta etxean sarrerarik gabe direnek ere ez dute aukera galdu nahi izan eta telebistaz zein internetez izugarrizko jarraipena izan du Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalak.

Areto barruan, giroa itzela izan da. Zutituta eta txalo zaparrada handi batez hartu dituzte ikusleek zortzi finalistak; hortik aurrera festa handi bat izan da finala. Bertsolarien jarduna etengabeko txaloez eskertzeaz gain, hainbat momentutan BEC osoak olatu ezaguna egin du.


martes, 1 de diciembre de 2009

Emakumeenganako indarkeria salatu dau gizarteak






2009ko azaroaren 26a, 16:49
Erasoei aurre egin beharra dagoela ohartarazi dute, asteon, gizarte eragileek, biolentzia matxistaren biktimak gogora ekarriz; Euskal Herrian zazpi hil dira, Bilgune Feministaren datuen arabera. Azaroaren 25a, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna, izan zen eguaztenean, eta hori aintzat hartuta hainbat ekitaldi izan dira udalek emakume elkarteekin batera antolatutakoak.

Eguaztenean bertan, kontzentrazioak izan ziren Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio eta Iurretan, esaterako. Hainbat herritarrek egin zuten bat genero biolentziaren aurkako aldarriarekin. Durangon, Plataforma Feministak deituta ?Andereak eta Bilgune Feminista? manifestazioa ere egin zuten. Udalak ere deitu zuen parte hartzera, eta makina bat andra eta gizon bertaratu ziren.

Puntu moreak


Emakumeenganako indarkeriaren aurkako jarrera agertuz, puntu moreak ere jarri dira zenbait udaletxe eta udal azpiegituratan. Beldur barik lelopean zabaldu dute instituzioek aurten emakumeenganako indarkeriaren kontrako aldarria.

martes, 24 de noviembre de 2009

"Biolontxeloa beharrezkoa da oskestra baten barruan"


"Biolontxeloa beharrezkoa da orkestra baten barruan"

Aurten Euskadiko Ikasleen Orkestran biolontxeloa joko duten hamar musikarietatik bat izango da Mikel Elgezabal gernikarra.

Gazte hasi zen Mikel Elgezabal (Gernika-Lumo, 1994) biolontxeloa jotzen. Aurten, Euskal Herrian zehar eta nazioartean ariko da instrumentu hori jotzen, Euskadiko Ikasleen Orkestrarekin. Atzo goizean jakin zuen orkestran jotzeko aukeratua izan dela, eta abenduaren hasieran izango du harekin lehen kontaktua, entseguak hasiko baitira. Francisco Escuderoren `Sueño de un bailarin´, Tchaikowskyren `Pezzo Caprizosso´ eta Dvorak-en Mundu Berriaren 9. sinfonia joko dituzte orkestrakoek. Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Venezuelatik bira egiten ariko da, orkestra horrekin batera.
Biolontxeloa jotzeaz bizi daitekeelaren ustekoa da, eta ziurtasunez dio gainera. Hala ere, ez du etorkizunean larregi pentsatzen; «gaztea naiz, ikusi beharko da».

martes, 17 de noviembre de 2009

BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA



BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA URRIAK 3TIK ABENDUAK 13RA

Hauek dira egingo diren saioak:

Final-laurdenak
- Zestoa (urriak 3)
- Leitza (urriak 10)
- Bilbo (urriak 11)
- Uztaritze (urriak 17)
- Zarautz (urriak 18)
- Laudio (urriak 24)

Finalaurrekoak
- Bergara (azaroak 7)
- Gasteiz (azaroak 8)
- Tolosa (azaroak 14)
- Hendaia (azaroak 15)
- Gernika (azaroak 21)
- Iruñea (azaroak 22)
- Donostia (azaroak 29)
Finala
- Barakaldo (abenduak 13)

Azken saioko puntuazioak honakoak dira:

LEITZA

Bertsolaria Puntuak
Etxahun Lekue 643
Ainhoa Agirreazaldegi 634
Iñigo Manzisidor "Mantxi" 621,5
Xabier Sukia 604
Ibon Ajuria 598,5
Iñigo Olaetxea 575

BILBO

Bertsolaria Puntuak
Iñaki Zelaia 643
Julio Soto 639,5
Maddalen Arzallus 636,5
Amaia Agirre 631,5
Jexux Mari Irazu 599,5
Asier Otamendi 588

Informazio gehiago jakiteko honako helbidera sartu:

http://www.txapelketanagusia.eu/

martes, 10 de noviembre de 2009

Alakrana´-ko tripulazioaren senideak Auzitegi Nazionaleko presidentearekin batzartuko dira gaur


`Alakrana´-ko tripulazioaren senideak Auzitegi Nazionaleko presidentearekin batzartuko dira gaur

Abdu Willyren abokatua Fiskaltzarekin jarriko da harremanetan gaur goizean "irtenbideak proposatzeko"

`Alakrana´ atunontzi bermeotarran bahituta daudenen senideak 07:00etan abiatu dira Bilbotik Madrilera. Izan ere, gaur, 13:00etan Auzitegi Nazionaleko presidente Angel Juanesekin batzartuko dira. Espainian kartzelaratuta dauden bi piratak Somaliara bueltan eramateko dauden aukerei buruz galdetuko diote.

Senideak "itxaropentsu" abiatu dira Madrilera. Argi Galbarriatu ontziko kapitainaren arrebak "emaitzak lortzea espero dutela" esan du bidaia hasi aurretik. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentearekin batzartzea eskatu dutela ere adierazi dute senideek.

kanporatzeak aske uztea ekarriko luke
Francisco Javier Diez Aparicio Abdu Willy kartzelaratuta dagoen ustezko pirataren abokatuak gaur goizean komunikabide bati azaldu bezala, berak "Espainian dauden bi piratak Somaliara kanporatzearen aldeko apustua egin du". Hala ere, haren hitzetan, "kanporatzeak bi piratak aske uztea ekarriko luke".

Kanporatzea Espainiako Gobernuaren esku dagoen neurria dela azaldu du eta hiru eguneko kudeaketa beharko luke. Estradizioa, berriz, "irreala" izango litzatekeela uste du Diez Apariciok, "epe luzerako irtenbidea litzateke. Zortzi edo bederatzi hilabeteko prozesua eskatuko luke".

Goizean zehar Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzarekin harremanetan jarriko dela esan du "irtenbideak proposatzeko" asmoz.

martes, 27 de octubre de 2009

Bost mila eurotan saldu da Mausintxa baserriko gazte irabazlearen erdia


Bost mila eurotan saldu da Mausintxa baserriko gazte irabazlearen erdia

Udaltzaingoaren arabera 105.000 lagun batu dira
Urriko azken asteleheneko azokaren baitan Elgoibarko (Gipuzkoa) Mausitxa baserriak irabazi du Idiazabal gaztaren lehiaketa. Calzada egoitzaren aldeko enkantean gazta erdiagatik bost mila euro oirdaindu ditu Bilboko Porrue jatetxeak, iaz baino mila euro gehiago hain zuzen ere. Horrela, enkantean behintzat ez da krisialdi ekonomikoaren zantzurik nabaritu. Salmentetan ere azokako saltzaileek ez dutela krisirik nabaritu nabarmendu du Iñaki Gorroño Eria arloko zinegotziak. Bere esanetan, eguraldi ona lagun iaz baino jende gehiago hurbiltzen ari da azokara. Azoka gunea Adolfo Uriostera eta San Juanera zabaltzerakoan asmatu egin dutela uste dute Udal arduradunek. Udaltzaingoaren arabera 105.000 lagun batu dira Gernika-Lumon. Horrez gain, ez dela inongo arazorik sortu diote udaltzainek.

martes, 20 de octubre de 2009



Kale erasoak egin dituzte Ondarroan bariku gauez


Hiru banketxe eraso eta zabor edukiontziak erre dituzte
Caixa, Euskadiko Kutxa eta BBVA bankuen egoitzak eraso zituzten hainbat pertsonak bariku gauez, 23:30 aldera, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez. Erasoaren ondorioz hainbat zabor edukiontzi ere erre ziren. Ondarroako Udal Kudeaketa Batzordeak "erasoa gaitzetsi eta kaltetutakoei elkartasuna adierazi" die ohar baten bidez.